#CAPdeCAPs: Ezagutza eta Praktika Komunitate bat Ezagutza eta Praktika Komunitateei buruz

Topagune baterako deialdia CAPetan sartuta gabiltzanontzat. Esparru teorikoak eta esperientzia praktikoak, formatuak eta prozesuak, kezkak eta intuizioak partekatzeko aukera. Elkartzeko eta komunitatean ikasteko gonbidapena.

 

TESTUINGURU PIXKA BAT CAP-EI BURUZ

Praktika eta Ezagutza Komunitateak (CAPak) partekatutako ikaskuntza-inguruneak dira, hainbat pertsonak, elkar ezagutu eta konfiantzazko loturak eta sareak ezartzeaz gain, beren intereseko gaiak modu praktikoan ikertu eta esperimentatzeko. Errealitate eta behar zehatzekin konektatutako talde hauek bildu egiten dira elkar eragiteko eta jakintzak trukatzeko, adimen kolektiboa sortzeko, esperientziak sozializatzeko, prototipoak aktibatu eta probatzeko, eta haien eskalatzea eta transferentzia errazteko.

CAPak partaidetza/erlazio tresnak dira eta ibilbide frogagarri nabarmena dute nazioartean. Tipologiak eta formatuak askotarikoak direnez, CAPak gero eta gehiago erabiltzen eta legitimatzen ari dira erronkei modu irekian heltzeko orduan, eta erronka horiek, inplikatzea ez ezik, jakintzak eta esperientziak batzea eskatzen dute, orokorrean berrikuntzaren arloan, baina bereziki Berrikuntza Herritarrean, Sozialean eta Publikoan. Herritarren laborategietan, enpresetan, erakundeetan, talde aktibistetan, hezkuntza-inguruneetan, auzo-komunitateetan aurki ditzakegu CAPak, jakintza emergenteen inguruan elkartuta; jakintza erreflexiboagoak, teknikoagoak edo aplikatuagoak, koiunturalak edo denboran eutsiak, babestuagoak edo autogestionatuak… Talde bakoitzak bere egoera eta beharretarako CAP mota egokiena aurkitu behar du.

 

KOMUNITATEAN IKASTEA

Nahiz eta gero eta literatura gehiago dagoen CAPei buruz, egia esan, ez dago hainbeste foro elkartu eta gaiari buruz hitz egiteko, esparru teorikoak partekatzeko eta, horrez gain, jakiteko praktikatik eta intuiziotik bakoitza nola ari garen lanean, formatuak nola ari garen egokitzen, zer ari zaigun ondo ateratzen eta non aurkitzen ari garen arazoak edo baliabidearen muga kritikoak, baita beste kezka batzuk ere. Azken batean, gure jakintza eta praktiketatik komunitatean ikasteko.

Horregatik jarri nahi dugu abian #CAPdeCAPs, Praktika eta Ezagutza Komunitatearen saialdia Praktika eta Ezagutza Komunitateei buruz. Topagune erakargarria izango da, bai CAPak abian jartzen, dinamizatzen eta haietan parte hartzen gabiltzanontzat, bai CAPak aktibatu nahi dituzuenentzat, askotariko ordezkaritza bilatu nahian formatuei, gaiei eta lurraldeei dagokienez. Erreferentzia-gunea izan dadin eragileentzat, batez ere estatu mailan, eta irekia beste lurralde batzuetako eragileentzat.

Eta horretarako, deialdi hau ireki dugu elkartu eta parte hartzeko. Modu erraz batean, eta ikusiko dugu nora garamatzan. Oraingoz, hauxe proposatzen dugu:

  1. Formulario bat, erakutsitako interesaren informazioa biltzeko, baita eragile-motari buruzko informazio apur bat ere, CAPekin duten harremanari buruz, landu daitezkeen gaiak identifikatzeko edo parte hartzeko moduak aztertzeko.
  2. Bi online topaketa, apirilaren 23an eta maiatzaren 21ean, 12:00etatik 14:00etara. Lehenengo eguna elkarrekin biltzeko, elkar ezagutzeko, iritziak partekatzeko izango da. Eta bigarrenean funtsezko gai batzuen inguruan lan egingo dugu taldean.
  3. Ekainaren 4an eta 5ean topaketa presentzial bat egingo da Tabakaleran (Donostia). Topaketak izaera erlazionala izango du, eta honako hauei helduko zaie bertan: 1) kasu praktikoen eta CAPak diseinatzeko, abian jartzeko eta mantentzeko tresnen aurkezpen publikoa; eta 2) hausnarketarako eta lan partekaturako espazioak. Erreferentzia gisa EKOSISTEMAK23 topaketa erabil daiteke, iaz Tabakaleran ere antolatu genuena.
  4. Ondorengo online topaketa bat (data zehazteko dago), topaketa presentzialaren ondorioak aurkezteko, #CAPdeCAPs-en jarraitutasunak zentzurik duen ikusteko eta, hala bada, nola, hurrengo zein urrats eta/edo ekintza komunekin egin behar den pentsatzeko.

CAP-EN IRAUNKORTASUNARI BURUZ

#CAPdeCAPs-ekin hasteko landu ditzakegun gai ugarien artean, bat behin eta berriz ateratzen da CAPetan sartuta gabiltzanon artean izaten ditugun elkarrizketetan. CAPen iraunkortasunarekin du zerikusia, osatzen dituen taldeari eta garatzen duten prozesuari dagokienez, honako galdera hauekin: Nola egin daitezke CAPak bideragarri hasierako bultzadatik haratago? Zertan oinarritzen da prozesuen iraunkortasun materiala? Nola eutsi komunitateak denboran, pentsatuta egoki ote den haien jarraitutasuna, mutazioa edo desagerpena? Denboran euste hori zenbateraino dago lotuta CAPa osatzen duten pertsonekin, lantzen duten gaiarekin eta/edo garatzen den testuinguruarekin? Nola erraztu taldeak irekitzea eta birsortzea? Zein da sustatzaileek eta bitartekariek bete behar duten zeregina iraunkortasun horretan? Zein autonomia/mendekotasun mota eta maila planteatzen ditugu hasiera batean erakunde bultzatzaileekiko? Egoki planteatzen al dira eragileen inplikazioak, itxaropen faltsurik sor ez dezaten? Herritarrak gai zehatzen inguruan aktibatzeko ideiarekin liluratzen ari ote gara, lehendik dauden intereseko komunitateak babestu beharrean? …?

 

PROPOSAMEN HONEN ZERGATIA ETA ERAGILEAK

2020an Colaboratorio IC abian jarri zenetik, CAPak izan dira, aldaera desberdinetan, beren praktiketatik eragile gehiago bildu eta interes handiagoa piztu duten formatuetako bat. Horrek pentsarazi digu fokua jartzeko lan-ildo bat izan daitekeela, honako arrazoi hauengatik: 1) gero eta eragile gehiagorentzat erakargarria izatea; 2) norberaren praktikak hobetzeko esperientziak eta ikaskuntzak trukatzeko balio izatea; 3) erronka komunei aurre egiteko baliagarria izatea; eta, aldi berean, 4) ekintzaren zati bat eta harremanak egituratzen laguntzea, Colaboratorio ICn sarean bertan. 

Horregatik,  Medialab Tabakalera eta ColaBoraBora-k #CAPdeCAPs sustatu dugu ─kontuan izanda ere Praktika eta Ezagutza Komunitateen inguruan modu desberdinetan lan egin ohi dugula─. Ekimen honen garapenerako Fundación Daniel y Nina Carassoren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dugu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren BITARTEZ programaren bidez. 

Share your thoughts